MEMORIA PARTEKATU BATERUNTZ ARRASATE 1.936-1.956. GERRA, ERRESISTENTZIA ETA FRANKISMOA (Intxorta 1937 kultur Elkartea, 2019), liburua argitaratu ondoren, honen inguruko iritziak, iradokizunak edota galderak jasotzen hasi ginen. Irakurle batek galdegin zigun ea bagenekien zer gertatu zen, Nicolás Uriarte Ceberio alkateak emandako datuen arabera, frankismoarengandik ihesiz euren etxeak utzi behar izan zituzten 2000 herritar haiekin.
Jakin bagenekien, 500dik gora batailoietara joan zirela borrokara eta hauetatik 107 gerra ekintzetan hil zirela. Beste 300 atxilotuak izan ziren eta urte luzeak eman zituzten espetxean edo esklabo lanak egiten. Azkenik, 55ek Frantziara ihes egitea lortu ondoren Kataluniara itzuli ziren borrokatzera, bertan atxilotu eta Gurs edo Olorongo kontzentrazio-eremuetara eraman zituzten.
Baina, zer gertatu zen gainontzekoekin? Zer gertatu zitzaien herritik ihes egin behar izan zuten beste 1500 pertsonei? Nondik-nora ibili ziren?
Egin genituen ikerketek hainbat pista eman zizkiguten galdera hauek erantzun ahal izateko lanildoak zehazteko: Elgetako Udalarekin batera aurtengo omenaldiaren prestaketa lanei esker, non, gerrako haurrak omentzeko asmoa dugun, aukera polita izan genuen hauen testigantzak jasotzeko, adibidez, nora joan ziren, norekin (guraso, aitona-amona, osaba-izeba) ea. Bestalde, eta pandemiaren ondorioz izan dugun konfinamenduak emandako denbora aprobetxatuz, garaiko egunkarietako informazioa jasotzen aritu gara interneten Euskal Herria eta Kataluniaren inguruan aurkitutako artxibo guztiak sakon aztertuz. Telefonoz izandako elkarrizketa askorekin batera, honek guztiak ahalbidetu du, orain aurkeztuko dizuegun lana.
Aurretik aipatu ditugun 1500 pertsonetatik, 494k Frantziara, Kataluniara, Belgikara, Ingalaterrara, Argentinara edota Errusiara egin zuten ihes.
Deba-Goieneko herriak ebakuatzean, ehunka izan ziren euren familiekin batera Bizkaia aldera ihes egin zuten haurrak. 1.937ko maiatzetik aurrera, gerraren gogorkeriatik ihes egiteko, guraso askok euren seme-alabak atzerrira bidali zituzten bonbardaketetatik eta gosetik aldentzeko. Haur batzuk euren familiekin batera egin zuten ihes, beste batzuk, ordea, bakarrik joan behar izan zuten erbestera eta honek, euren senideei buruz denbora luzez ezer ez jakitea suposatzen zuen.
Datuen gordinkeriaz gain, erbeste tragiko hau bizi zuten 494 pertsonen izen abizenak lortu ditugu. Gehienak, emakumeak dira. 0 eta 17 urte bitarteko 280 adin txikiko zenbatu ditugu. Hauetatik 38 erbestean jaio ziren. Baina, oraindik ere, 14 dira identifikatu gabe ditugunak.
Intxorta 1937 kultur elkartearen helburua da lan hau osatzea. Horregatik herritar guztiei dei hau luzatzen diegu informaziorik izanez gero gurekin harremanetan jar daitezen, historiak urte luzez ezkutatu digun guztia argitara atera dezagun. Aldez aurretik, eskerrik asko!
Arrasateko pertsona zibilak erbestean
Arrasatearrak erbestean