GERNIKA, 2026ko MAIATZAREN 22a
GERRAKO HAURREI AITORPENA
FRANKISMOAK EGINDAKO GIZA ESKUBIDEEN URRAKETEN AZKEN LEKUKOAK

Datorren urtean, 2027an, 90 urte beteko dira 40.000 euskal haur erbestera bidali behar izan zituztela, demokraziaren eta gobernu legitimoaren aurkako kolpe militar baten ondorioz.

1936ko hauteskundeetan hautatu zen gobernuaren aurka egin zen estatu kolpeak piztu zuen gerra. Kolpistek biztanleria zibila helburu militar bihurtu zuten.

Gerraren lehen hilabeteetan Otxandio, Irun eta Donostia bonbardatu zituzten. Ondoren, honako herri hauek bonbardatu zituzten: Bilbo, Elorrio, Durango, Elgeta, Eibar, Gernika, Amorebieta, Markina, Larrabetzu, Galdakao, Arrigorriaga, Lekeitio, Laudio, Urduña, Portugalete, Santurtzi, Trapagaran, Ortuella, Abanto-Zierbena, Muskiz, Erandio, Leioa, Areeta, Sestao, Barakaldo, Berango…

“Ezer ez delako amaitzen” proiektua jarri dugu abian. Antzerkia, musika eta dantza uztartzen duen ikuskizun eszenikoa da eta gerrako haurren bizipenetan dago oinarrituta.

Bost ikastetxek taularatuko dute ikuskizuna: Iurretako Juan Orobiogoitia BHI, Zumarraga-Urretxuko JM Iparragirre BHI, Duranako IPI Ikasbidea, Durangoko Durango BHI eta Bilboko Ibarrekolanda BHI.

Ekimenaren helburu nagusia loturak egitea da: 1936-1937an gertatu zena, orain gertatzen ari dena eta etorkizunean gerta litekeenaren artean.Haurrak izaten dira gerretan biktimarik ahulenak; izan ere, gaur egun ere, haur asko dago munduan gerra ugariren ondorioak jasaten.

2026ko apirila eta maiatza bitartean bost emanaldi egingo dira, guztiak 19:00etan.

  • Barakaldon, apirilaren 24an
  • Durangon, maiatzaren 1ean
  • Donostian, maiatzaren 8an
  • Gasteizen, maiatzaren 15ean
  • Gernikako Lizeo Antzokian, maiatzaren 22an.

Gernikako emanaldiaren aurretik, emanaldian parte hartuko duten 82 ikasleek aitortza egingo diete Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako bizirik dirauten gerrako haurrei.

Dei egiten diegu oraindik bizi diren eta omenaldira joan nahi duten pertsona guztiei behean sinatzen duten edozein elkarterekin harremanetan jar daitezen:
Zaldibarko Castet elkartea; Gogoan Sestao; Gerediaga elkartea; Durango 1936 Kultur Elkartea; Laumunarrieta 1937 Elkartea, (Elorrio); Andikona 36 Kultur Elkartea (Otxandio); Gernika Memoriaren Lekuko; Gernika Batzordea; Colectivo Republicano Euskal Herria; Galdakao Gogora; Malmasingo lagunak Arrigorriagan;Ateneo Republicano- Eraiki- Araba; Basques Children Euskadi; Berrizko Memoria eta Giza Eskubideen Taldea; Santurtziko Memoria Elkartea.

Intxorta 1937 kultur elkartea – 678 242 031 – intxorta1937@gmail.com