Emeterio Ortiz de Lejarazu eta Juana Saez errepublikaren sustatzaileek
2020-04-24 GOIENA ALDIZKARIA Maider Arregi

Emeterio Ortiz de Lejarazu eta Juana Saez senar-emazteak Errepublikaren sustatzaile aktibo izan ziren Antzuolan. 1931n Errepublika aldarrikatu zuteneko pasartea eta errefuxiatu gisa bizitako istorioa jaso du GOIENAk. Begoña eta Marina Aguayo Ortiz de Lejarazu biloben testigantzak batu ditu Intxorta 1937 Kultura Elkartearen laguntzarekin.

Antzuola bizitoki”1889an Barakaldon jaio zen Emeterio; 1890ean Juana, Bilbon. Abentura-zaleak ziren eta Argentinara bidaiatu zuten; 1917ean Santa Fen ezkontza zibila ospatu zuten”, gogoratzen dute bilo-bek. “Emeterio oso aktiboa zen, frantsesa bazekien eta El Liberal egunkarian idazten zuen. Kontrolpean bizitzea ez zuten atsegin, eta, horregatik, Antzuolara bizitzera joan ziren”. Hogeigarren hamarkada amaieran, Olaran enpresan kontu-hartzaile gisa lanean hasi zen Ortiz de Lejarazu; emaztea, aldiz, jostun lanetan etxean. “Berriro ezkondu ziren Arantzazun, Argentinakoa ez zelako balekoa. 1930ean jaio zen, gure izeba, Rosa”.

Bigarren Errepublika Udal hauteskundeak ezkertiarrek irabazita, 1931ko apirilaren 14an Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Ortiz de Lejarazuk Antzuolan Errepublika ezartzeko asmoz behin-behineko gobernuaren ordezkaria izan zen. Udal artxiboan jasoa dago pasartea: “1931ko apirilaren 15ean, udaletxeko bakoitik Emeterio Ortiz de Lejarazu jaunak Errepublika ezarri zuen. Herritarren aldarrikapenen aurrean hiru koloreko bandera altxatu zuen”. Hartara, bizileku zuten Lapatza-Etxebarri baserria errepublikanoen bilgune bilakatu zen.

Bigarren alaba Azucena Bilbon jaio zen, 1933an. “Amonari baserrian erditzea baino seguruagoa iruditu zitzaion Bilbon erditzea”. Bien bitartean, Ortiz de Lejarazu Errepublikaren defentsarako komitean errepublikano ezkertiarren presidente izendatu zuten. Bere alboan izan zituen UGTko Ciriaco Uriarte, EAJko alkate Donato Lamariano, euskal langileen elkartasuneko (STV) Avelino San Sebastian; baita Ventura Jauregi, Felipe Elorza, Meltxor Gabilondo eta Antonio Jauregi euskal nazionalistak.

Lehen neurrietako bat kolpe militarrarekin bat egin zuten herriko karlistak espetxeratzea izan zen. “Baina garai hartan matxinatuak Antzuolara sartu aurretik, senar-emazteak alabekin Bilbora ihes egin zuten, senitartekoen etxera. Bilboko bonbardaketan, Artxandako tuneletan babestu ziren”. Kolpe militarraren erresistentziak iraun zuen bitartetan, Bizkaitik, finantza arduradun lanak bete zituen, Antzuolako Fronte Popularreko kide baitzen. Gipuzkoako errepublikano ezkertiarren batzorde kide ere jardun zuen, Victoriano Telleriarte bergararrarekin.

Iñigo Ramirez de Okariz historialariaren Irimodo blogak ja-sotzen duenez, 1937an, Antzuolan atxilotutakoen epaiketan testigu gisa deklaratu zuen Ortiz de Lejarazuk, Fronte Popularreko presidentea zelako.

Errefuxiatu Mexikon

Bilbo erori ostean, Kataluniara eta Frantziara ihes egin zuen. 1940an, Pirinioetako Lanneme-zan herrian hainbat bergararrekin batu zen. “Josuren Gabilondok, Ramon Farrazek –Bergarako Ezkerra Errepublikanoko idazkaria– eta beste zenbait bergararrek Lannemezaneko kartzelaren eraikuntza lanetan ziharduten; baliteke Emeteriok horretan jardun izana ere.

1942an, Marseillako Mexikoren kontsulatuan lan egitea suertatu zitzaion, eta, horregatik, Marseillatik Nyassa barkuan Mexiko-ko Veracruzera joateko aukera izan zuen. Eta, hala, amonak alabekin Magallanes itsasontzian Mexikorako bidaia abiatzea erabaki zuen. “Aitonak enpresa bateko kontu-hartzaile lanak egiten zituen. Errefuxiatua zen, baina formakuntza zuen eta es-timu handia zioten; oso eroso bizi izan ziren. Veracruzko euskal komunitatean eroso bizi izan ziren, elkarri lagunduz: “Batzuek hozkailua eta garbigailua partekatzen zuten; amari eta izebari ingelesa eta mekanografia ere irakatsi zieten; lanerako gertatu zituzten”, diote bilobek.

Aitona, baina, 1953an gaixotu eta hil egin zen. 12 urteren ostean, etxera itzuli ziren ama-alabak: “Amona Juanak Bilbora itzuli nahi zuen eta 1954ko ekainean bueltatu ziren. Gogorra izan zen, ez zuten eta ezertxo ere. Farmazia laborategian hasi ziren amona eta izeba lanean; halaxe erosi zuten Begoñan etxea”. Mexikarrak deitzen zietela diote bilobek, eta, berriro hasi beharra izan zuten arren, beti alai gogoratzen dituzte: “Gure ama oso alaia zen, beti abesten zegoen eta urtebetetze egunean Estas son las mañanitas abesten zigun”.

Bailarako 55 haurri omenaldia COVID-19a dela-eta urriaren 4ra atzeratu dute gerrako haurrei Elgetan apirilean egitekoa zen omenaldia. Tartean daude Begoña eta Marina Aguayo Ortiz de Lejarazu. “Ehunka izan ziren ihes egin behar izan zuten haurrak, beren familiekin edo pla-nifikatutako ebakuazioetan. Urte asko igaro dira: batzuk itzuli ziren erbestetik, beste batzuk ez. Horietako asko ez dira jada bizi, baina garaiz gaude gurekin dauden adinekoei merezi duten omenaldia egiteko”, azaldu dute antolatzaileek.