Asturias Bigarren Errepublikaren aurkako matxinatuen eskuetan erori ondoren, hauen lehen helburua arma fabrikak martxan jartzea izan zen, horietako bat Cañones de Trubia izan zelarik. Eskulan kualifikatua behar zuten, eta, horretarako, gerrako presoak errekrutatu zituzten. Unión Cerrajeran urte dezente lanean zeramaten arrasatearrak bertara eraman zuten batzuek identifikatu ditugu: Agustin Heriz Lamarain, Tomás Ruiz de Alegria Balanzategi, Vicente Etxebarria Larrañaga eta Felix Barrutia Guridi.
Txapa bat jartzen zitzaien besoan eta bertan, P. G. inskripzioa inprimatuta dago. (Gerrako presoak). Horietako batek, Agustin Herizek, horietako bat gorde zuen, eta senideek Intxorta 1937 kultur elkarteari eman digute, Elgetako Memoria Historikoaren Interpretaziorako Euskal Zentroan argazki horiekin batera erakusteko.