Faxistak Gogora Memoria Institutuko zerrendetatik kanpora!

GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak,  MEMORIA HISTORIKOA atalean, “Euskadin gerra zibilean hildako biktimen zerrenda bat” dauka eginda, bi kategoriatan banatuta:

  1. Matxinatuek eragindako hildako biktimak.
  2. Errepublikanoek eragindako hildako biktimak.

Bakoitzak hainbat sarrera dauka, eta 2. kategoriako azken atalean “Fronte matxinatuan hildakoak”  deitutako zerrenda ikus daiteke.

Hor daude erregistro gehienak (5.975), eta hor sartzen dira euskal frontean edo Estatuko beste leku batzuetan hildako euskal herritarrak nahiz euskal frontean hildako herritarrak, jatorria edozein dela ere.

Arazoa dator pertsona horiei buruzko kontraste historiografiko txiki batetik. 1936ko uztailaren 18ko Estatu Kolpe frankistaren alde agertu ziren erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak, faxista italiarrak… , goraipatuak izan zirenak “euskal probintzien konkistan” egindako lanagatik, edo “Espaiñarengatik eta Jainkoarengatik”” hil zirelako.

Irailaren 28ko 9/2023 Legean, Euskadiko Memoria Historikoarena eta Demokratikoarena, 1. artikuluan aipatzen da “1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurrean eskubide eta balio horiek defendatu zituztenen ezaguera, aitortza eta duintze gisa.”

GOGORAk ez ditu beteko lege horren helburuak, baldin eta leku bat ematen badie kolpe militarraren garaipenaren alde borrokatu zirenei.

Biktimak al dira frankistei lagundu zieten falangistak, erreketeak, matxinatutako armadako soldaduak, guardia zibil kolpistak edo militar atzerritarrak ere, GOGORAk bere webgunean agertzen duen bezala?

Gure herrian bi erakundek lantzen dute Memoria Historikoa, eta horren barruan galdera espezifiko horri ez zaio berdin erantzuten:

  1. a) Eusko Jaurlaritzak GOGORAren zerrendetan sartu ditu bi bandoen “hildako biktimak”.
  2. b) Nafarroako Gobernuak, “Oroibidea – Camino de Memoria” plataforman, frankismoaren biktimak bakarrik aipatzen ditu. Bando matxinatu frankisten bat bera ere ez.

Ikusi ditzagun adibideetako batzuk GOGORAren zerrendan:

Ekkard Hefter bezalako pilotu alemaniar naziak, zeinak lurra jo baitzuen bere aparatuarekin Gasteizko Espainia plazan. George Steer kazetari britainiar ospetsuak eta Joan J. Maluquer Wahl hegazkinlariak adierazi zutenez, Gasteizko Fronton hotelean zeuden pilotu alemaniarrek alkohol gehiegi edaten zuten. Ildo horretan, Hefter pilotuak, “erdi mozkortuta”, bere hegazkinera igo zuen eta itzulipurdi harrigarriak egiten hasi zen hiri lasaiaren gainean, tupust egin zuen arte parrokiako bateko dorrearekin”.

Mussoliniren Italia faxistak giza talde handia ekarri zuen, baita hegazkin eta itsaspeko ugari ere. Oso laguntza handia izan zen II. Errepublikaren aurka jo zuten espainiar matxinatuentzat. Gutxienez borrokalari italiarren 40 fitxa daude.

Alemaniarrei edo italiarrei dagozkien fitxa askotan, Gogora Institutuak ez du aipatzen hildakoen jatorria.

Nafar borrokalariak: haien fitxetan ez da aipatzen “kuneteroak” izan zirela, edo hil zirela “zorte txarra izan baitzuten gure soldadu heroikoek zauritu zituztelako, Sakramentu Santuak jaso eta gero”.

Nafarroan, frankistek fronte matxinatuaren hildakoak inskribatu zituzten Jainkoagatik eta Espainiagatik Erorita hil ziren heroi gisa. OROIBIDEA nafar plataformak ez ditu aipatzen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan GOGORAk sartu ditu fronte matxinatuaren hildakoen zerrendan.

Salatu gura dugu irain egin zaiola gure memoriari eta akats historiko larria dela, gure eskuetara iritsi zaigun txosten luze, zehatz eta ondo dokumentatu bat irakurri eta gero. Horren zertzelada batzuk baino ezin ditugu jorratu, baina gure asmoa da gai hori gizarteratzea eta memoria taldeetara zein udaletara zabaltzea.

Intxorta 1937 Kultur Elkartean ehunka lekukotasun jaso dugu (1985az geroztik), bai, lehenbizi, bizirik atera zirenenak, bai, geroago, senideenak. Hortaz, eta tokian tokikoa landuz, gure jakintza ere ekartzen dugu, zerrenda horietan islatzen denarekin ez badator ere.

Hona hemen beste argudio bat Gogora Institutuaren webgunean matxinatuen bandoan hildakoen zerrenda ezabatzea kontuan hartu dezazuen: zerrenda hori oinarrituta dago batez ere matxinoen ondorengoek (Fundación Popularrari buruz ari gara) egin zituztenetan. Izan ere, errekete edo boluntario gisa sartu dituzte pertsona batzuk, eta benetan ez ziren hori izan. Inoiz ez ziren izan erreketeak, ezta boluntarioak ere. Haietako batzuek aurre egin zioten kolpe militarrari, eta, preso hartu eta gero, behartu zituzten matxinoen bandoan borrokatzen.

Gogora Institutuak datuak hartu ditu gure liburuetatik, baina ez da egon gurekin, ez ditu kontuan hartu memoria elkarteak, urte askoan familia askoren testigantza jasotzen ibili direnak. Izan ere, testigantza horiei esker, hemen salatzen dugunaren adibideak dokumentatu ditzakegu.

Francisco Gastañares Elorza, Unión Cerrajerako langilea, lanetik bota zuten Bizkai aldera ihes egin zuenean. Amayur batailoiko gudaria, 1937ko maiatzaren 31ko nominetan agertzen da eta haren borrokalari zenbakia da 69.037. Haren anaia Juan, hura ere milizianoa, Dragones batailoian izan zen. Francisco behartu zuten erreketeekin joatera borroka lerrora, atxilo hartu eta gero. Han hil zen.

Gregorio Orobengoa Ceciagak, ELMA enpresako langileak, ihes egin zuen Arrasatetik matxinoak sartu baino lehen, eta Amayur batailoiko gudaria izan zen 1936ko azarotik 1937ko abuztura arte, 69.017 zenbakiarekin. Preso hartu zuten eta erreketeekin borrokatzera behartu zuten, hil zen arte.

Beste arrasatear bat, Sabino Ortiz de Guzmán Gallastegui, 69.055 gudari zenbakiarekin Amayur batailoian 1936ko azarotik 1937ko abuztura arte, preso hartu zuten. Aurreko biak bezala, bera ere behartu zuten matxinatuekin frontera joaten, hil zen arte. Haren anaia Leonciok, Amayur batailoikoa, matxinoek preso hartu ostean, ihes egin zuen eta berriro borrokatu zuen errepublikanoen lerroan.

JSUko Carmelo Balanzategui Zubizarreta, Dragones batailoiarekin borrokatu zuen, eta atxilotu ondoren, beraiekin joatera behartu zuten.

Badira beste batzuk, haiek ere abertzaleak edo errepublikanoak, sartu direnak Gogora Institutuaren zerrenda horietan.

Ramon Ugalde Lizarralderi soldaduzkara joateko deitu zioten. Baserritik ihes egin zuen eta hilabete gordeta egon eta gero, etxera itzuli zen. Behartu zuten gerrara joaten, matxinatuekin batera.

Angel Echevarria Berecibar eta Juan Arrese Orbegozo, hau  errepublikanoa ez ziren boluntarioak izan, behartuak baizik

Beste hau ere derrigortu zuten, Esteban Elorza Olalde, nazionalista; azken horren anaia Felix Oiartzunen fusilatu zuten, baina ez dago haren heriotza agiririk epaitegian.

1939an faxistek Arrasateko parrokiako arkuetan plakan beraiek izena jartzea persona hauei egin zitzaien azkenengo iraina izan zen: Ondo zekiten faxistak ez zirela eta behartuta eraman zituztela.  Esteban Elorza Olalde, Francisco Gastañares Elorza, Gregorio Orobengoa Ceciaga, Sabino Ortiz de Guzmán Gallastegui, Carmelo Balanzategui Zubizarreta, Ramon Ugalde Lizarralde, Angel Echevarria Berecibar eta Juan Arrese Orbegozo.

955 arrasatearrek borrokatu zuten bi fronteen lehen lerroan: 552k, kolpe militarraren kontrako erresistenteekin batera, eta 403k “matxino” “moduan” edo “matxinatuekin”. Azken horien artean, 250 gazte joan ziren “kinten bidez”, matxinatuen lerroetan, goratzen ziren ideiekin batere ados egon barik.

Frogak ditugu esateko Loiolako San Inazio Erreketeen Tertzioan borrokatzen behartu zituzten pertsona batzuek ihes egin zutela kolpeari aurre egiten ziotenen lerroetara. Haien artean: Felipe Barrutiabengoa Gastañaga; Leoncio Ortiz de Guzmán Gallastegui, Amayur batailoikoa; Ignacio Olazabal Larreategui eta Guillermo Juldain Sainz.

Kontuan hartuta bakarrik Arrasateri buruz ari garela, zenbat horrelako errepikatuko diren beste herri batzuetan!

HAINBAT GOGOETA:

1.- 1936ko gerra edo Espainiako gerra ez zen gerra zibila izan. Kolpe militar batekin hasi zen 1936ko uztailaren 18an, eta 3 urtez luzatu zen. Ezinezkoa da haren ibilia edo bilakaera ulertzea kontuan hartu barik Italiaren, Alemaniaren eta SESBren parte hartzea.

2.– “Garaipenaren” ostean, kolpistek Estatuko Erakundeen laguntza osoa izan zuten beren Kausa Orokorra egiteko. Berehala ikertu, zenbatu, izendatu eta lurpetik atera zituzten “beren eroritakoak”. Erruduntzat jo zituztenak atxilotu egin zituzten, epaitu, fusilatu edo urte askotako espetxe zigorra ezarri zieten.

Kolpisten aldekoek lanpostuak, pentsioak izan zituzten, eta beste hainbat pribilegio ere bai. Haien izenak Elizako edo udaletxeetako hormetan erakutsi ziren 40 urtean… Egia, justizia eta erreparazioa izan zituzten, baina askatasun eskaerei indarkeriaz erantzuten jarraitu zuten.

3.– Txanponaren beste aldean, galtzaile izan zirenek, ezta haien ondorengoek ere, ez dugu ezagutu, gaur gaurkoz, orduan gertatutakoaren benetako ikerketarik. Aitzitik, Franco lurperatu eta gero, ikusi behar izan genuen nola frankismoak zutik jarraitzen zuen. Lege guztiak gorabehera, amnistiaren legea oraindik ere harresi gaindiezina da, izan ere, eragozten du bando frankistak egindako edozein krimen ikertzea eta justiziarako eskubidea izatea.

Poliziaren edo Guardia Zibilaren artxiboek itxita jarraitzen dute frankismoaren biktimentzat. Oraindik gure senideak desagertuta daude.

Ez dago parekatzerik! Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokan hil zirenak, hau da, kolpe militarrari aurre egin ziotenak, ezin dira parekatu askatasun horiek zapaltzeagatik borrokatzen erori zirenekin.

Gudariek eta indar errepublikanoek eta haien borrokalariek indarrean zegoen legedia defendatu zuten, eta, beraz, beren tropak eta borrokan hildakoak dira legaltasun demokratikoaren aldeko borrokalariak eta hildakoak; matxinatuak, berriz, demokraziaren aurka altxatu eta borrokatu ziren borrokalariak eta hildakoak. Eta zer esan gerrara derrigortuta joan zirenei buruz, soldadu izatea tokatu zitzaielako!

GOGORA INSTITUTUARI ESKATZEN DIOGU IKERKETA BAT ZABALDU DEZALA, BIDEGABEKERIA HONI IRTENBIDE BAT EMAN DIEZAION.

INTXORTA 1937 KULTUR ELKARTEA