1. lerroan: ezkerretik hasita: Andresa “Tigre”, Teresa Mendizabal eta Eugeni Bolinaga.
2. lerroan: Maria Zumelaga, X, Paulatxo Mugika Arregi (fusilatua), X, Pilar Unzueta, X, Aurea Aranburu, Resu Letona.
3. lerroan: Juli Barrutia, X, X, X, Isabel Zaitegi, Maria Orobengoa (Muzibarko Etxabetarren ama).
4. lerroan: X, X, Josepa Lasagabaster (Trola), X, Cresen Axpe, Luisa Etxaurre.
5. lerroan: X, X, X, X, X, Juaristin ama, Trini Zaitegi, Rafaela de Etxaurre, Pastora Sagasta (Mojategi), X, Maria San Pedro, Carmen García eta Maritxu Lasagabaster.
Fani Garaik emandako izen-abizenak
Gure herriko historiaren berri izateko, makina bat aldiz berakin bakarrik eta haren ahizpa Carmenekin batera ere egon ginen.
Emakume Abertzale Batzako militantea gerra aurretik, Emakumerekiko Bigarren Errepublikak ekarritako sakoneko aldaketak ezagutu zituen, bozkatzeko eskubidea euren artean. Kolpe militarraren hasieran, anai bi, Pedro eta Felix, erresistentzian gudariekin irten ziren, Lenago hil eta Kirikiño batailoietan.
Faxistak Arrasaten sartu eta berehala irailean lehenengo pertsonan ezagutu zuen errepresioa, beste hogei emakumerekin garbitasun lanetara behartu zituzen, Parrokia, Frente Popularra egon zen bitartean, gerrako almazena izan zelako, ahizpa Asun, berriz, lastozko koltxoiak egiten matxinatuentzat Cerrajeran. “Hiru egun egon gitzen Parrokixa garbiketan. Pilarikarako garbituta egon behar zen. Leonardo Guridik apaizak esan euskun, zuek garbitu ixil-ixilean obeto izango da ta, bera gero fusilatu egin auien. Margarita bi askotan etorten zien, ¡qué bien estáis dejando todo!, ta gu hasarre… ”
Handik egun batzuetara, berriz, urrian eta azaroan atxiloketak eta hogeita hamar pertsona zibil, inongo epaiketarik gabe erailak… Emakumeak eta abadeak ere bai. “Asun nire aiztian nobisua fusilatu auien, Joseba Zeziaga abadeakin batera urrian 25ien. Juane Bedoñarra, Roana, Paula Txiki ta Errekaldena emakumiak, parrokua, apaizak…, denak pertsona on-onak, iñokin etzien sartzen…” Zeintzuk izan ziren salatariak galderari erantzuna? “Karlista batzuk oso gaiztuak zien, bañe izenik eztou esango”.
Fanik: “Errepublika sasoien sozialistak gorri amorratuak zien. Antiklerikalak zien, bañe beti errespetau zittuzten apaizak. Beste aldekuak katolikotzat jotzen auein euren burua, egunero hartzen auien komuniñua, ta egin auien lelengo gauza izen zan jentia fusiletia. Bestiak, barrez, karlista presuak eukien Bilbon ta danak urtebetera bizirik etorri zien Mondraura. Bilboko Arenalien, Bernardo Gómez zinegotzi sozialistak beste herritar batzuei esan eutsien presoik eztogu hilko, ezkara izengo eurak modukuak”.
Abenduan, berriz, aita Claudio, 56 urte zituela bonba baten leherketan hil zen. “Gu nazionalistak gitzen bañe gure aita etzan politikan sartzen, ikusi nauen kamilla baten ospitalera erueten, ta non Coronel Latorreri entzun nutzen esaten, hay que detener a todos los padres que tienen hijos con los rojos”. Eta hiru egun geroago, lekukoa izan zen, nola herriko plazara atera zituzten presoak, Bizkaian zeudenen gudari eta milizianoen aita-amak, kioskoaren ondora, hegazkinen bonbardaketaren biktimak izateko.
Kaskamotz utzi eta errizino olioa edatera behartzea tortura gehigarri bat izan zen. Emakumea nola iraindu bazekiten. Aukerarik gabe komunera joateko, danborraren erritmopean kaletik desfilatzera behartzen zituzten. Arrasaten, praktika haiekin gutxienez lau emakume iraindu zituzten: “Modesta Bidaburu ta Maria Mondragon, Felix Elorza Mondragonen (morico) ama izan zien haietako emakume bi”
“David Zaiteguirekin San Andres egunien ezkondu nitzen, 1938an. Ihesi ibili zan Bizkaixan, ta etorri zanien ezkondu gitzen, Cerrajeran lanien ez auien hartu, ta Asamen hasi zan lanien”.
Lekukoa izatetik aparte, baita ere, argazkien zaintzailea izan zen. Arrasateko Emakume Abertzale Batzakoak Gernikan, Batzokiak egindako bilerak, Arrasateko EAJ-koek Gernikan edo Bedoña auzoan Estepa Urkiaga “Lauaxetakin”…, batzuk aipatzearren.
Esan behar da ere, argazki horietako denak ezagutu eta izena ipintzen zien bitartean, kolpisten aldekoen argazkiak agertzen zirenak, Margaritarenak adibidez, ez zuela inor ezagutzen… Ezagutu bai, baina ez zuen haien izenak esan nahi. Baina ez da izan bakarra, gerra galdutakoen emakume belaunaldi horren ezaugarria izan da. Gertatutakoa kontatu baina hainbeste min egin zieten kale edo auzo bereko emakume edo gizonen izenik ez aipatzea. Ez zuten nahi gorrotoa zabaltzea.
Besarkadarik beroena eta gure aitortza emakume handi honi. Bere testigantzak eta bizipenak betirako geratuko dira gure herriaren historian jasota. Ea bizi dugun egoera honek bere ametsera hurbiltzen gaituen, berak bezala, hainbeste emakumek biziki nai izan zuten ametsera alegia.
Juan Ramon Garai
Intxorta 1937 kultur elkartea