Manuel Fernandez-Monzon Jeneralaren adierazpenen harira, ondorengoa adierazi nahi dut. Zuk diozunean eraildako 28 pertsonak “orduko epaitegiek kondenatu zituztela, erabat legezko epaiketen bitartez, gerra-kontseiluak zirela” suposatu behar dugu baduzula hori frogatzen duen dokumentaziorik?

Testua: Juan Ramon Garai / Argazkiak: Intxorta 1937 elkartea /
Itzulpena: mondraberri.eus / 2018ko irailak 2, domeka

Iritzi originalari esteka

Manuel Fernandez-Monzon Jeneralaren adierazpenen harira, ondorengoa adierazi nahi dut. Zuk diozunean eraildako 28 pertsonak “orduko epaitegiek kondenatu zituztela, erabat legezko epaiketen bitartez, gerra-kontseiluak zirela” suposatu behar dugu baduzula hori frogatzen duen dokumentaziorik?

Izan ere, euren etxebizitzetatik desagertu zirenetik 82 urtera, Arrasateko udaletxeko ziegetatik eta Goardia Zibilaren kuarteletik igaro ostean, Ondarretako kartzelara eramanak izan ostean, gobernadore zibilaren eta epaile militar bereziaren esku utzi ondoren, eta euren askatzea sinarazi ostean, 28 pertsonak erailak izan ziren Hernanin eta Oiartzunen. Ikus dezakezunez, 28 pertsonen zerrendan badira hainbat emakume eta hiru apaiz.

Venancio Gastañares Villar, Vicente Madina Irizar, Lorenzo Arambarri Goñi, Juan Bengoa Agiriano, Norberto Mondragón Herrasti, Pedro Agiriano Arana, Isidoro Iturbe Elkorobarrutia, Raimundo Galdos Azkarretazabal, Miguel Gaztañarez Villar, José Joaquín Arin Oiarzabal (parrokoa), José Markiegi Olazabal y Leonardo Guridi Arrazola (apaizak), Joseba Ceciaga Arizaga, Florencia Olazagoitia Ceciaga (5 hilabeteko haurdunaldiarekin), Maria Areitio Arana, Francisca Ojanguren Iribecampos, Vicente Irazola Urrutia, Dionisio Uribesalgo Otadui, Manuel Madinabeitia Zubizarreta, Agustín Aramburu Zabaleta, Gregorio Sampedro Azpiazu, Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi, Luis Balanzategi Zulueta, Marcelino Ugalde Landa, Sabin Etxabe Guruzeta, Faustino Garitano Askazibar, Félix Elorza Olalde, Paula Mugika Arregi.

Nahi genuke, beraz, atxiloketen kausen kopiak guri pasatzea, baita pertsona hauen aurkako “legezko” prozesu militarraren kopiak ere. Seguruenik, Goardia Zibilaren eta Gobernu Zibilaren artxiboetan, edo artxibo militarretan, horren berri eman ahalko dizute. Eraildako 28 pertsona hauen senideek 82 urte daramazkigu dokumentuen bila. Baliteke existitzea, baina ezin izan ditugu aurkitu.

Alabaina, dokumentazio hori ematen ez badiguzu, agerian geratuko da bai guretzat, baita eraildako eta desagertutako pertsonen 140.000 familientzat oro har ere, gezurti bat zarela.

“Legezko epaiketak” aipatzen dituzunean, 1936ko uztailaren 30etik Espainiako Defentsa Nazionalaren Juntak Burgosen abiatutakoez ari al zara? Epaiketak abiatzeko bandoak “errebelde, sediziogile eta traidoretzat” jotzen zituen “zilegitasunez eratutako Errepublikaren gobernua babestu zutenak”. Pertsona hauek epaitu zituzten benetan altxamendua gauzatu zutenek. Horietaz ari zara?

Ala agian “legezko epaiketatzat” dituzu formazio juridiko gabeko defentsari militarrekin gauzatutako epaiketak? Defentsari horiek askotan ez zuten euren defendatuekin harremanik, ez zuten errugabetzeko frogarik aurkezten,… “Legezko epaiketa” horietaz ari bazara, nahiko nuke zuk kontuan hartzea, epaiketa-fartsa horien bitartez, gure udalerrian 21 pertsona heriotza-zigorrera kondenatuak zirela. Hauen inguruko kausa militarrak lortu ahal izan ditugu, eta jakin badakizkigu nortzuk izan ziren akusatzaileak, baita zenbat gezur erabili zituzten ere. Badakigu ere biktimek sufritutako babesgabetasuna. Jakin badakizkigu non fusilatu zituzten eta non lurperatu zituzten.

Ziur gaude auzitegi batek (ez neofrankista batek, noski) prozesu militar hauek aztertuko balitu, horietako gehiengo zabala legez kontrakotzat joko lituzkeela.

Bidenabar, gezurrekin faltsutasunez akusatu zutenek, konfesatu egiten ziren eta egunero mezara joaten ziren, areago, via crucis-a ospatzen zuten. Noski, euren bekatuak barka ziezazkieten.

Juan Ramon Garai

(Desagertutako pertsona baten biloba)

Frankismo.Biktimak.SENIDEAK-INTXORTA1937