Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Loraldiak, Euskal Herriko bost ikastetxerekin elkarlanean, memoria historikoa, transmisioa, kultur-sorkuntza eta omenaldia uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute. 

  • 1936ko gerraren ondorioz erbesteratutako haur euskaldunen memoria du abiapuntu proiektuak. 2027an 90 urte beteko dira milaka euskal haurrek erbestea ezagutu zutela 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz.
  • Egitasmoak hiru ardatz ditu: ikasturte osoko transmisio lana, 82 gaztek oholtzaratuko duten Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna, eta gerrako umeei eta haien familiei egingo zaien omenaldia.
  • Faxismoaren gorakada, gerra egoerak eta ume erbesteratuen gaur egungo errealitatea mahai gainean jartzen ditu proiektuak, memoria historikoa orainarekin lotuz.

 Ezer ez delako amaitzen egitasmoa memoria historikoa, hezkuntza eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen proiektua da. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak bultzatuta eta Loraldiaren lankidetzarekin garatu da, eta 2027an beteko den 90. urteurrenari begira sortu da: duela 90 urte, milaka euskal haurrek erbestea hartu behar izan zuten 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz. Egitasmoak iragan hurbil hori gogora ekartzen du, baina ez du oroimenera mugatu nahi; gaurko munduarekin lotu nahi du, faxismoaren gorakadarekin, gerra egoerekin, lekualdatutako edo erbesteratutako umeen errealitatearekin eta gizarte gisa ditugun erronka etiko eta politikoekin.

Proiektu honen aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu dute: Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen ordezkaria; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Igor Martín de Vidales, Ezer ez delako amaitzen ikuskizunaren gidoiaren egilea eta zuzendari artistikoa; Markel Iragorri, Nahia Ruiz eta Enara Garcia, Ibarrekolanda BHIko ikasleak eta ikuskizuneko parte-hartzaileak.

Prentsaurrekoan proiektuaren jatorria, memoria historikoaren ikuspegia, sormen-prozesua eta gazteek bizi izan duten esperientzia partekatu dira.

 

90 urte geroago, memoria ez da iraganeko kontu hutsa

Intxorta 1937 Kultur Elkartea 1986tik ari da 1936ko kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoriaren berreskurapenean lanean. Urteotan omenaldiak, hitzaldiak, erakusketak, liburuak eta dokumentalak sustatu ditu, eta gaur egun ere egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzen jarraitzen du. Egitasmo berri hau 2027ko urteurren nagusia prestatzen ari den bi ikasturtetako bidearen parte da.

Intxortaren ustez, 90. urteurrenak indar berezia hartzen du gaur egungo testuinguruan. Izan ere, munduko hainbat tokitan gerrak, desplazamenduak, gorroto diskurtsoak eta jarrera neofaxistak berriro agertzen ari diren honetan, ezinbestekoa da iraganeko esperientziak ezagutzea, gaurko arriskuak identifikatzeko eta gizarte demokratikoago bat eraikitzeko. Hori da egitasmo honen muina: memoria historikoa gaurko gazteengana eramatea, haiek baitira etorkizuneko gizartea eraikiko dutenak.


Hiru ekintza osagarri egitasmo berean

Ezer ez delako amaitzen ez da ikuskizun soil bat. Intxortak bi ikasturtetan garatzeko planteatu duen egitasmo zabal baten lehen fase nagusia da, eta hiru ekintza osagarri ditu: transmisio lana, ikuskizuna eta omenaldia. Hiru ardatz horien bidez, memoriaren lanketa ez da azalpen teoriko hutsean geratzen; hezkuntzara, sorkuntzara eta aitortza publikora eramaten da.

Transmisioa: ikasturte osoko lana, bost ikastetxeen eta gazteen inplikazioarekin

Transmisio lana 2025eko irailetik 2026ko maiatzera arte garatzen ari da, ikasturte osoan zehar, DBH4ko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Prozesuan 82 gaztek hartu dute parte, eta bost ikastetxek inplikazio zuzena izan dute: Iurretako Juan Orobiogoitia BHI, Zumarraga-Urretxuko JM Iparragirre BHI, Duranako Ikasbidea IPI, Durangoko Fray Juan de Zumarraga BHI eta Bilboko Ibarrekolanda BHI. 

Ikasturtean zehar talde hauek lanketa burutu dute eskoletan. Metodologia aktibo eta kooperatiboen bidez landu dituzte memoria historikoa, antzerkia, irakurketa errezitatuak, talde erabakiak eta sormen-prozesuak.

Transmisio lanaren helburua izan da 1936ko kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoria gazteei helaraztea, egia, justizia eta erreparazioa oinarri hartuta, eta aldi berean gazteak euskarazko kultur unibertsora hurbiltzea, sormena piztea eta elkarlana lantzea.

Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna: 82 gazte oholtza gainean, bost emanalditan

Ikasturte osoko prozesu horren emaitza da Ezer ez delako amaitzen izeneko ikuskizuna. Antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen pieza da, Igor Martín de Vidalesen gidoi eta zuzendaritzapean, Jaime Valverderen zuzendaritza-laguntzarekin eta Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarrituta.
Proposamenak collage egitura du, eta lehenaldiko pasarteak gaur egungo gertakariekin uztartzen ditu gazteen ikuspegitik. Historia ez dela lineala, baizik eta ziklikoa izan daitekeela gogorarazten du, eta galdera hauek jartzen ditu erdigunean: zertarako oroitu, zer balio du memoria historikoak, eta zer egin faxismoaren, inperialismoaren eta arrazakeriaren aurrean.

Ikuskizunean 82 gazte izango dira oholtza gainean, proiektuan parte hartu duten bost ikastetxeetakoak. Emanaldi guztietan proposamen bera eskainiko da. 

Ikuskizunak bira formatua izango du, eta herri hauetan eskainiko da. Emanaldi guztietan proposamen eszeniko bera aurkeztuko da, proiektuan parte hartu duten ikastetxe guztietako gazteek interpretatua:

  • Apirilaren 24a, 19:00etan: Barakaldo, Clara Campoamor
  • Maiatzaren 1a, 19:00etan: Durango, San Agustin Kulturgunea
  • Maiatzaren 8a, 19:30ean: Donostia, Antzoki Zaharra
  • Maiatzaren 15a, 19:00etan: Gasteiz, Salburuako ekitaldi aretoa
  • Maiatzaren 22a, 19:00etan: Gernika, Lizeo Antzokia

Omenaldia: aitortza ekintza Gernikan

Egitasmoaren hirugarren ardatza omenaldia da. 2026ko maiatzaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Gernikako Lizeo Antzokian, gazteek protagonismoa izango duten aitortza ekintza egingo da, 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz erbestea ezagutu zuten haurrei eta haien familiei omen egiteko. Bertsolari gazteek zabalduko dute ekitaldia, ondoren Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna eskainiko da, eta amaieran aitortza egingo zaie gerrako umeei eta familiei. 

Iruditeria artistikoa ere memoria-transmisioaren parte

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 2015etik darabiltza Iñigo Arregi artistaren obrak bere ekimenetan, memoria historikoaren lanketari dimentsio bisual eta sinboliko bat emanez. Lehenik, Egiaren iturria obra erabili zuen; ondoren, Egiaren topaketa; eta oraingo egitasmo honetan, Gerrako umeen egiaren testigantza izeneko lana hartu du erreferentzia artistikotzat. Intxortarentzat, obra horiek ez dira irudi hutsak: erresistentziaren lekuko dira, memoria kolektiboaren transmisiorako euskarri, eta egia, justizia eta erreparazioaren aldeko konpromisoaren adierazpen artistiko. 

Ildo berean, Arregiren Duintasuna eskulturak presentzia fisikoa du memoria-gune esanguratsuetan ere: Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan, Gerra Zibilean eta Frankismoan desagerrarazitako eta identifikatu gabeko pertsonen gorpuzkiak (baita identifikatutako baina familien borondatez bertan atseden hartzen dutenenak ere) hartzen dituen espazioan; eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan, non eskultura horren erreplika batek lekua gidatzen duen, faxismoaren aurrean askatasuna defendatzeagatik bizia galdu zuten pertsonen aitortza eta omenaldirako gunean, bereziki 1937 eta 1941 artean Urduñako kontzentrazio-esparruan eta kartzelan hil ziren 225 lagunen oroimenez.

 

Elkarlana eta babesletza, proiektuaren oinarrian

Intxortak nabarmendu nahi du egitasmo hau elkarlanetik eraiki dela. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak proiektua sortu eta bultzatu du; Loraldiak eskoletako transmisio lanketa egin du eta produkzioaz eta komunikazioaz arduratu da; eta bost ikastetxeek funtsezko inplikazioa izan dute, bai ikasleen parte-hartzea ahalbidetuz, bai irakasleen bidez egitasmoa hezkuntza prozesuan txertatuz.

Horrez gain, proiektuak hainbat erakunde eta eragileren babesa jaso du. Egitasmoak Laboral Kutxaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du. Emanaldiei dagokienez, Durango, Donostia, Gernika eta Gasteizko udalen laguntza jaso du, baita Barakaldoko Sasiburu Euskara Taldearena ere. Proiektuaren atzean, gainera, 10 talde memorialista daude inplikatuta. Babes publiko eta pribatu horri esker egin da posible memoria, hezkuntza eta sorkuntza uztartzen dituen egitasmo hau aurrera ateratzea. 

 

Memoria, gaurko gizarteari egindako galdera

Intxortaren ustez, Ezer ez delako amaitzen bezalako egitasmoek erakusten dute memoria historikoa lantzea ez dela iraganeko gertakarien kontaketa hutsa. Gaurko gizarteari egindako galdera da. Zer gertatzen da faxismoa berriz indartzen denean? Zer esan nahi du umeak berriro erbesteratuak ikusteak? Zer egin dezakegu injustiziaren aurrean? Gazteekin batera sortutako ikuskizun honek memoria gorputzetik pasatzea proposatzen du, eta gizarte osoari begiratzeko modu arduratsuago bat aktibatu nahi du.

Elkartearen iritziz, horrelako proiektuek erakusten dute memoria lantzeko modu berriak beharrezkoak direla: zorrotzak, sentiberak, garaikideak eta belaunaldi berriekin konektatzeko gai direnak.

 

Materiala osagarriak

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen webgunea