Aintzatespen-ekitaldi instituzionala azaroaren 10ean, ostirala, izango da, 18:30ean, Kulturateko Klaustroan, eta jendearentzat irekia izango da

Arrasateko Udalak Intxorta 1937 elkartea omenduko du, elkarbizitzaren eta memoria historikoaren berreskurapenaren alde egindako lan nekaezinagatik. Horrela adostu dute aho batez Bizikidetza Batzordeko alderdi guztietako kideek.

Errekonozimenduko ekitaldi instituzionala azaroaren 10ean, ostirala, izango da, 18:30ean, Kulturateko Klaustroan, eta Udalak aitortza garrantzitsu horrekin bat egiteko gonbita luzatzen die arrasatear guztiei.

Ekimena Jasone Giraldok (EH Bildu), Agurne Juldainek (EAJ), Aritz Muruak (PSE) eta Eva Abuinek (Elkarrekin) aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Zehaztu dutenez, “2023. urtea berezia izan da, Udal Hauteskundeak direla eta, Bizikidetza Batzordea berritu behar izan da, eta ondorioz, alderdi batzuen udal-ordezkari berriak izendatuta. Honek Batzordearen lanketa atzeratu du, eta horregatik, aurtengo Azaroaren 10a ezberdina izango da, elkarte batek jasoko duelako aitortza”.

Bizikidetza Batzordeak bere lan-dinamikari berrekin dio ikasturte berriarekin, bizikidetzarekiko eta memoria historikoarekiko konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko”. Datozen urteetara begira Giza Eskubideen urraketen biktimei aitorpena egiten jarraitzeko borondatea agertu dute batzordekideek.

Arrasateko Udalak memoriarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berretsi du, eta Intxorta 1937 elkarteari egindako aitortza hori “urrats garrantzitsua da etorkizuneko belaunaldientzat memoria sendo eta partekatua eraikitzeko”.

Notizia originala