EPILOGOA
Jorge Santayana poeta eta filosofoak honela zioen: “Historia ahazten duten herriak historia errepikatzera kondenatuta daude”.
Estatu-kolpe frankistak milaka haur eta nerabe erauzi zituen familietatik, eta bizipen traumatiko hartatik batzuk umezurtz geratu ziren erbestean; beste batzuk, berriz, izua barneratuta, itxaropeneko udaberri baten seme-alabak izatearen lotsa gordeta bueltatu ziren. Ume haiek noizbehinka askatzen zuten beren bizipenak egiaren konplizea ziren bizilagunekin; hori bai, beldurraren konplize isilei sorbalda emanez.
Udaberri hilik, itzal handi bat utzi zuen, eta ondoren, sineskeria, eskola gabezia eta heriotza nagusitu zen.
Gaur, gerrako neskato haien biloba sinbolikoek haurtzaro galduaren oroitzapena dramatizatzen dute. Bi mendetako haur eta gazteek inboluzio faxistaren biktimei erreparatzeko topaketa bat egiten dute. Irmotasunez oihukatzen dugu galdutako udaberria, tu eginez frankismoaren kolpe ta diktadura madarikatua. Faxistek zapuztu zuten itxaropena, lurra eta jakintza sozializatuz berdintasunaren txirikorda osatzen zuena.
Gaur, atzo bezala, faxismoa hedatzen ari da Europan.
Gaur, frankismoak togetan, uniformeetan, prentsan eta legebiltzarrean jarraitzen du; kaleak baino ez zaizkigu geratzen izugarrikerien pendulua gelditzeko.
Memoria historiko eta biktimen aitortzaren ariketa hauek, faxismo birusaren antigorputz demokratikoak dira.
Iñaki Barrutia Arregi