Angiozar 1936, Gerrateko kontuak eta Beste aldea. Gizona ez den hori aurkezpenak
Intxorta 1937 kultur elkartearen zigilupean argitaratuak, memoria historikoarekin lotutako bi lan berri aurkeztu dituzte egunotan. Historia handia baino bizilagunek bizi izandako istorioak ezagutu nahi dituztenendako galdu-ezinak diren bi lan dira.
Eguenean egin zuten aurkezpena Angiozarren eta gaur izan da Elgetan. Iñaki Arenazak sinatzen duen Angiozar 1936. Gerrateko kontuak izeneko liburua da lanetako bat.
Intxorta 1937 kultur elkarteko kide eta historialari Jesus Gutierrez Arosak eta Elgetako Memoria batzordeko arduradun Jone Elkoro Garciak egin dute sarrerako aurkezpena. Ondoren hartu du hitza Arenazak. “Batez ere gerrate garaian Angiozarren gertatutakoa kontatu dut liburuan. Gerrateak iraun zuen zazpi hilabeteetan, Angiozar eta angiozartarrek faxisten errepresioa jasan behar izan zuten. Baserri asko okupatu zituzten, bertako jende ugari erbesteratu egin zuten, beste batzuk espetxeratu, eta denbora tarte horretan, lau pertsona fusilatu zituzten; horietako baten gorpua, gainera, ez da topatu oraindik. Batez ere, zazpi hilabete horietan gertatutakoa kontatzen saiatu naiz”.
198 orriko liburua ondu du Arenazak eta bertan aurkitzen dira hainbat lekukok kontatutako pasarteak, han eta hemen aurkitutako dokumentazioa, artxiboko argazki zaharrak… Baina pertsonei eta lekukotasunei eman die garrantzia Arenazak. “Angiozartarrek ondo ezagutuko dituzte liburuan agertzen diren baserriak eta familiak. 90 pertsona baino gehiagorekin egon nintzen, eta liburuak guztira 130 pertsonaren ekarpena du. Izena neuk jartzen dut, baina guztion lana izan da”.
Liburua 15 eurotan dago salgai. Intxorta 1937 kultur elkartean, Elgetako udaletxean edo Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan eska daiteke.
‘Beste aldea. Gizona ez den hori’ ikus-entzunezkoa
Arenazaren liburuarekin batera Itziar Juaristik, Lorea Elorriagak eta Irati Alvarezek egindako Beste aldea. Gizona ez den hori izeneko ikus-entzunezkoa ere aurkeztu dute gaur. Hogei minutuko lana da eta bertan 36ko gerra bizi izan zuten emakumeak omentzen dituzte. Gerran hildakoak, etxean bakarrik eta ezjakintasunean familiaren kargu gelditutakoak, bortxatutakoak, errepresaliatutakoak, askotariko umiliazioak jasandakoak…
Hainbat lagunen lekukotzak ere jasotzen dira dokumentalean, gehienak Elgetakoak eta Angiozarkoak. Artxiboko lana ere handia da; irudiak, lekukotzak eta informazio ugari jasotzen dira bertan.
Gaurko aurkezpenean eman dute osorik eta laster egongo da ikusgai Intxorta 1937 kultur elkartearen webgunean.