Izen guztiak, aurpegi guztiak
Faxismoaren aurkako borrokan Euskal Herriko hildakoen izenak eta aurpegiak
Matxinada egiteko asmoz egindako ezkutuko zirkular batean, 1936ko maiatzaren 25ean egina, Mola Jeneralak pentsatuta zeukan errepresio indarra erabiltzea altxamenduan zorroztasun handienaz: “Kontuan hartu behar duzue ekintzak izan behar duela oso bortitza, arerioa txikitzeko, indartsua baita eta ondo antolatuta baitago. Egia esan, kartzelan sartuko ditugu mugimenduarekin bat egiten ez duten alderdi politiko, sozietate edo sindikatuetako buruzagi guztiak, eta aplikatuko dizkiegu zigor eredugarriak, matxinada edo greba mugimenduak itotzeko”.
Euskal Herrian milaka pertsona izan ziren genozidio horren lekukoak.
Gaurko egunean, urte asko igaro badira ere, ez dugu biktimen Zentsu Ofizialik, ez dakigu benetan zer gertatu zen, zenbat pertsona fusilatu zituzten, zenbat desagertu ziren, zenbat hil ziren frontean, kartzeletan eta nahitaezko lan eremuetan, zenbat hil ziren goseak jota, preso zeudela, atzerrian, errepresaliaturik, emakume bortxatuak, euren lanpostuetatik kanporaturik eta depuraturik, zenbati bahitu zizkieten ondasunak, zenbat haur ostu amen eskuetatik, gure hizkuntza “euskara” debekatu izana…
Baina zerotik ere ez gara abiatu, ikerketa lan asko dugu -gizarte zibilak egindakoak- hainbat herri eta herrialdetan izenak eta aurpegiak jarri dizkietenak biktima horiei.
Elgetan, Udalaren eta Intxorta 1937 kultur elkartearen artean ekimen bat antolatu dugu: “Gerra Zibila Euskal Herrian: ibilbide historiko kulturala Intxortaren magalean”, erakusketa iraunkorrean abian jarri behar dugun helburuetako bat da Izen Guztiak, Aurpegi Guztiak, pertsona errepresaliatuaren izenaz gain, haren argazkia, hau da, haren aurpegia. Elgetako Espaloian: jarri nahi dugu
Aurpegia eta izena jartzea faxismoaren euskal herritarren biktima guztiei. Zentralizatzea leku batean han eta hemen sakabanaturik dauden datu guztiak eta hala gura duten pertsona guztiek euren senideen eta pertsona ezagunen datuak ekarri ahal izango dituzte, eta horixe da jarri dugun asmo handiko helburua; badakigu jakin zure laguntzarekin errealitate bihurtuko dugula.
Jakitea benetan zer gertatu zen da lehen pausoa Justizia egiteko, kaltearen ordaina emateko, halakorik berriro ez gertatzeko.
GURE historia da hori, milaka emakume eta gizonen errealitatea, memoriak erreklamatu eta hainbestetan isildu duten egia hori.
Memoria historikoa errespetatzea da erabakigarria herri eta pertsona libre eta solidarioak ulertzeko, aurrera egiteko eta etorkizuna sendotzeko.
Horregatik, errekuperatu egin behar dugu egia, zabaltzen lagundu, harekin bat egin, horrela bakarrik egingo baitugu justizia biktima izan zirenekin, armen bidez isilik egoten behartu baitzituzten. Arma haiek haien gorputza hil zuten eta saiatu ziren haien memoria ere hiltzen.
Horregatik erabaki dugu atal hau irekitzea. Ezagunen bat baduzu, fusilatu zutena, desagertu zena, hil zutena faxistek, izen-abizenak dituen aurpegiren bat, eta lagundu gura izanez gero hainbeste urtetan isilik eta gordeta egon den gure historiaren zati bat osatzen, egin ahal izango duzu erakusketan bertan gai honek izango duen espazioaren bidez eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen web orrian ere bai.
Erakusketako lagin honek berritzen du isilean gordetako gure historia. Lagun ezazu hau guztia osatzen.
Julia Monge, Marian Bosque, Josuren Murguizu, Juan Ramon Garai
Intxorta1937 Kultur Elkartea.
