Gaur Elgetan aurkezten dugun proiektua Elgetako Udaletik aspalditik garatu gura izan dugun proiektua da. Elgetako Udalak, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen laguntza izan du proiektua lantzeko orduan, hauek arduratu dira-eta alor historikoaz zein diseinuaz. Proiektuarekin gura dugu gune historiko bat berreskuratzea, Gerra Zibilak Euskal Herrian izan duen gune garrantzitsuenetako bat: Intxorta ingurua. 1936 eta 1937an Intxorta eta Elgeta euskal frentearen defentsan gune garrantzitsuenetako bat izan zen Intxorta eta Elgeta. Proiektuak duen garrantzi historiko, kultural eta turistikoa kontuan hartuta proiektuaren garapenean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzea aurreikusten da. Udala hasita dago bi erakunde hauekin harremanetan.

Intxorta errepublikaren eta Euskal Estatutuaren defendatzaileek erakutsitako mugarik gabeko konpromisoaren erakusle da. Konpromiso hori erakusteko ez zen muga izan Giza eta material baliabide askoz handiagoak zituztenak izatea erasotzaile ezta Alemania eta Italiako faxisten laguntza zuten aurkariak izatea aurrean.
Orduko euskal hedabideetan euskaldunon askatasunen erreferente bilakatu zen Elgeta, estatutuari ere “Elgetako Estatutua” izena emanez. 1936ko urriak 7an osatu zen historiako lehenengo euskal gobernua, Gernikako juntetxea Jose Antonio Agirre lehendakariaren agindupean. Euskal erakundeetan ordezkaritza duten eta errepublikaren zilegitasuna aitortzen duten alderdi guztiek parte hartu zuten bertan. Hain zuzen ere, lehen aipatutako estatutuari Elgetako Estatutua izena jarri zitzaion, urriak 4an Intxortan egindako defentsak ahalbidetu zuen-eta lehenengo euskal gobernua osatzea eta estatutua garatzea. Sei hilabete beranduago, 1937ko apirilak 24an, Elgeta faxisten esku erori zen.
Elgetak bi ardatz ditu euskaldunon memoria kolektiboan: alde batetik, ideologia desberdinetako bataloiak osatzen zituzten bolondres gazteek faxismoaren aurrean erakutsi zuten erresistentzia; bestetik, 36ko urrian eta hurrengo hilabeteetan Mola generalaren indar errebeldeak Bizkaira bidean gelditu izana.

IBILBIDE TEMATIKOA INTXORTAREN MAGALEAN
Gerra Zibila Euskal Herrian: “Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean” proiektuaren garapenak ekarriko du Intxortako lubaki eta gordeleku garrantzitsuenen berreskuratze arkeologikoa. Hau guztia gune natural batean, bisitariek gerrateko leku zehatzak ezagutzeko bidea jarriz, egoki seinalizatuta eta informazio panelen laguntzarekin.
Ibilbideak aparkalekua izango du Intxortako Atea eskulturaren ondoan eta bisitarien harreragune finkoa Espaloia Kafe Antzokian. Gune honetan bisitariak maketa, panel eta proiekzioen bitartez Gerra Zibilaren kontestu historikoa ezagutu eta Elgetan emandako gertaeren berri izango du. Proiektuaren baitan gune bat egongo da “Izen guztiak aurpegi guztiak” izena izango duena. Gune honetan gerrak Euskal Herrian utzitako biktimen berri jasoko da.


AURREKONTUA
Ibilbide tematikoa garatzeko aurrekontuaren diru lerro nagusiak jarraian zehazten ditugu:
LUR SAILAK EROSTEA: 72.266 €
IBILBIDEA: 121.390,76 €
Egokitzapenak………………………………………………………. 29.924,76 €
Lubakiak berreskuratzea……………………………………………. 12.000 €
Seinalizazioa………………………………………….…………….…. 8.250 €
Panelen diseinua…………………………………………………………12.000 €
Panelak (euskarria, fabrikazioa, rotulatzea eta ipintzea……….… 57.266 €
Panelak ipintzeko lurrak gertatzea…………………………………… 1.950 €
HARRERA GUNEA: 68.056,37 €
Egokitze lanak……………………………………………………… 37.056,37 €
Maketa interaktiboa………………………………………..………….. 31.000 €
BISITARIENDAKO ZERBITZUAK: 121.388,95 €
Ibilgailuendako aparkalekua egokitzea.…………………….…… 43.654,97 €
Komuna eta autokarabanendako aparkalekua egokitzea……… 77.733,98 €
GUZTIRA:…………………………………………… 383.122,08 €
EGITARAUA.
Apirilak 19, domeka, 10:00etan: Ibilaldia.
Apirilak 22, 19:30ean, Espaloia Kafe Antzokian: “Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortako magalean” proiektuaren aurkezpena.
Apirilak 22, 21:30e “La lengua de las mariposas” filma.
Apirilak 24, barikua, 19:00etan, Intxortako Atean eta Salbadorreko monolitoan: Lore eskaintza.






