Rafael Ceciaga-ri egindako elkarrizketa

Arrasaten 2006ko urrian egindako elkarrizketa, Julia Monjek eta Juan Ramon Garaiek egindakoa.

Elkarrizketa: Julia Monje eta Juan Ramon Garai.
Itzulpena: Leire Lardizabal.

Rafael Ceciaga Cortazar dut izena eta Arrasaten jaio nintzen 1935eko martxoaren 5ean. Hemen igaro nituen 14 urteek lorratz ahaztezina utzi dute: Harremanak, lagunak… guzti horren oroitzapena izugarria izan da eta bizitza guztian zehar eramango dut nirekin.

Rafael Ceciaga: “La Escuela Mecánica de la Armadako sotoetan torturatu egiten zen”

Arrasatetik Buenos Airesera joan zinen. Zure aita errefuxiatu politikoa zen berton.

Bai, neu 14 urterekin joan nintzen Buenos Airesera. Izugarrizko aldaketa izan zen. Garai hartan neu ere jadanik ez nintzen mutikoa, baina mutikoaren ezagutzak nituen. Arrasate herri kontserbatzailea zen, Eliza gogorra zuen herri atzerakoia. Neuk San Viator eskolan ikasten nuen eta duda barik, oso prestakuntza eskasa ematen ziguten munduaren aurrean defendatzeko. Buenos Airesera joatea ez zen panazea, baina Arrasaterekin alderatuta beste mundu bat zen. Hara joan aurretik, juxtu-juxtu errege magoak ez zirela existitzen nuen ikasia. Sekulako inpaktua izan zen herri batetik beste Herri batetako hiri batera joatea.

Zelan eta zergatik hasi zinen botila barrutan obra hauek egiten?

Hasteko, nolabaiteko abildadea dudala pentsatzen dudalako. Botila barrutan barkuak egiten hasi nintzen baina horrekin ez nintzen konformatzen. Bada klabea den beste datu bat; neu ez naiz argentinarra, beraz ez dut botatzen, nire bizitzan ez dut sekula botatu eta botiletan hertsitzen ditudan gauza guzti horiek barrutik irteten zaizkit; nolabait, pentsatzen dudana esateko, gustatzen ez zaizkidan gauzez protestatzeko dudan behar bat da eta hitz batean, botatzen ari naiz. Gainera, abestuz botatzen dut, modu publiko batean botatzen dut, ikusi eta esan dezaten: hau joera gorrikoa da. Neuk pentsatzen dudana erakusten dut eta egiten ditudan obrak ez dira ezkutatzen edo kristalezko kutxatila batean sartzen. Denbora guztian presente daude.

Argentinarra ez naizela diot, oinarrian euskalduna naizelako. Batzutan nire alabek protesta egiten didate: “Aita, argentinar egin beharko zinateke botatu ahal izateko, modu honetan boto bat galtzen ari gara” eta nik euskaraz erantzuten diet “neu Arrasatekoa naz, zuek zarie Argentinakoak, neu hangoa naz”.

Zure aitaren bidea jarraituz – euskaldun gorri bat- Argentinara heldu zinen. Zure obren edukia ikusita esan al daiteke mundu berri bategatik, Iraultza Sozial bategatik borrokatu zuten euskaldun haien ildoa jarraitu duzula?

Zalantza barik. Haiek utzi zuten marka presente dago. Begira, neuk ez dut nire aita ezagutu… hiru bat hilabetez ikusi nuen, urte eta erdi nituenean. Neu 1935ean jaio nintzen, nire aita Arrasateko gertakariengatik espetxean zegoenean; urte eta piko egon zen preso, 1936ko amnistiarekin irten zen arte. Uztaila hartan gerra hasi arteko tartean besterik ez nuen ikusi aita. Gerora egunen batean ikusi dut Arrasatetik ihes egiten, Abadiñon ere bai eta azkeneko aldiz Gallartan, baina orduan bi urte eta piko nituen. Ordutik ez dut sekula ikusi.

Neu Tatxo Amilibiarekin bizi izan nintzen Buenos Airesen, gauero irteten ginen, batez ere udan paseatzera eta ez zen zerbait galdetuko ez nion egunik. Arrasatetik politikaz ezer jakin barik joan nintzen. Nire familian pertsonaia frankista bat zegoen eta ez zen politikaz hitz egiten, bapes. Buenos Airesen berriz, politika arnastu, bizi egiten zuen Tatxorekin elkartu nintzen eta gauero istorioak kontatzen zizkidan. Orain pena ematen dit garai hartan helduagoa ez izana istorio haiek gogoan hobeto gordetzeko, baina zalantza barik, haziak erein zituen nigan.

Beste kontu bat; zuek liburu bat idatzi zenuten “Arrasate 1936 Una Generación Cortada”. Egiazki ez zegoen moztuta, jarraipena dauka… jarraipena izan du nirekin Buenos Airesen, eta aldi berean neuk nire alabekin. Istorio guzti horiek ondo ezagutzen dituzte eta gainera botilak egiten ditut. Zertarako diren? Aitonaren pentsamendua da ilobentzako; ez ditut botilak saltzen, ez dut bakar bat ere saltzerik nahi, hori nire pentsatzeko eta izateko modua delako.

Argentinako errealitate politikoarekin zerikusia duten obrak garatzen hasi zara.Haietako batean hauxe diozu: Club de pescadores “ni olvido ni perdón”. Beste obra bat da: Escuela Mecánica de la Armada (aquí se torturó, robó y asesinó Argentinos).

Buenos Airesen egin izan ditut nire obren erakusketa batzuk eta koaderno batzuk jarri ditut jendeak idatz dezan. Arreta berezia eragin zidan komentario bat hauxe izan zen: “El arte une, la política divide”. Pentsatzen dut ez dagoela arterik politika barik. Politika da artea zehazten duena, politikak arterako abiapuntuak zehaztu behar ditu… minimoak izan daitezke eta are gehiago, arte tipoa ere zehaztu dezakete abiapuntu horiek. Zeuk ez egiten ez duzun politika beste batek egingo du. Horixe da neu politika egitera bultzatzen nauen arrazoietako bat.

Zelan ahaztu guzti hori?

Ezin da ahaztu. Hor badira omendu eta azpimarratu beharreko zenbait ama eta amama. Niretzat Maiatzeko plazako ama eta amama horiek dira Argentinako baliotsuena.

“ La Escuela Mecánica de la Armada” da gehien gustatzen zaidan obretako bat eta esangura aldetik garrantzitsuenetarikoa dena. Eskola hori nire etxetik ez ezik, River-eko kantxatik ere oso gertu dago. 1976ko futboleko mundialean –Argentinak irabazi zuen- kazetari guztiek tiroak entzuten zirela, Riverreko kantxatik gertu heriotzak zeudela esaten zutenean, kantxatik 300 metrotara dagoen eskola honi buruz ari ziren. Hango sotoetan torturatu egiten zen, gainera dena zen ilegala eta bat batean kamioietan sartzen zituzten engainatuta. Bakuna bat ematen ari zitzaizkiela esaten zieten eta horrek esan nahi zuela, espetxe ofizial batera eramanda beraien preso izaera ofizializatu behar zela. Gezurra! Lasaigarri bat ematen zieten lokartuta utzi, abioi batean sartu eta itsasora botatzeko.

Magnitude izugarria du egin dudan obra horrek. Neuk tailerra eta erakusketa publikora begira jarriak ditut eta paretik pasatzen diren jendeetatik, asko hunkituta geratzen dira; batzuk zoriondu egiten naute, beste batzuk arbuiatu egiten dute eta beste batzuk ez naute gehiago agurtzen, neuk pentsatzen dudanaren erabat desberdin pentsatzen dutelako.

“Casa del Gobierno, Ser pobre no es delito: Videla asesino, ésta no es la democracia que queremos“; beste bat da: “Villa 31 Bienvenida Clase Media: Me imagino que Dios no ve esto pero sí lo ve Monseñor Berglogio, aunque parece estar preocupado solamente por León Ferrari”. Izan ere, “itsutasun” hau makina bat urte ari da irauten, Monseñor Aramburuk 30.000 desagerturen aurrean ezikusiarena eginez erakusten digun moduan.

Argentinako arazoaren inguruko erreferentziak dira. Gainera, kasualitatez kokapen aldetik oso gertu daude bata bestearengatik; Gobernuko etxetik Villa 31- Miseria villa – ikusten da.

Gobernu etxearen atzean jartzen dut pobre izatea ez dela delitua, gaueko 9etan kalera jaisten naizenean aldi berean jende gaztea, jende handia, umearen karroarekin doan emakumea ikusten ditudalako eta aldi berean, kartoiak batuz doazen haiek, zakar guztiak zabaldu eta jan ahal duten janaria bilduz doazenak…

Neu klase erdi-altuko auzo batean bizi naiz, aurpegi txarrez begiratzen diete, jende gaiztoa izango balira bezala; ez dira txarrak, pobreak soilik. Beraien erreakzioa ere kuriosoa da, tokatu izan zait oinez noala ia-ia tupust egin eta beraiek barkamena eskatzea zentzurik ez zuen modu batean; azken finean, bizirauteko beraien lana besterik ez baitziren egiten ari, baina lanean jarraitzea utziko ez dieten beldur dira.

Villa 31, 8.000-10.000 pertsona inguru bizi diren Miseria villa da. Hustubiderik ez duten txaboletan bizi dira, ur hartzeren batzuekin moldatuz. Erdialdean dago, seguru aski terrenoak ekonomikoki gehien balio duen lekuetako batean, beraientzako dute hartua eta zaila da haiek handik ateratzea. Gobernu hau ez da ari neurririk hartzen. “Bienvenida Clase Media” jartzen dut, Argentinan bata bestearen atzetik izan ditugun gobernuek erdi mailako klasea pobretu dutelako; haietako batzuk miseria villa horietara joan behar izan dute bizitzera. Gazteek ez dute heziketarik eta espetxeetan bukatzen dute, han hezten dituzte eta hori ikaragarri tristea da. Haietako batean zegoen kartel hori, errealitatetik hartua da beraz.

Lehendabizikoz Arrasaten jarriko duzu erakusketa.

Halaxe da eta benetako zirrara sortzen dit obra hauek nire herrian erakusteak. Nire aita, ama eta arreba jadanik ez dira bizi baina hemengoak dira, pentsa… Obrak hemen erakusten ditudanean nolabait beraiei erakusten ariko banintz bezala da. Niretzat horrexek bakarrik sekulako balioa du, afektua… hori haundixe da.

Erakutsi behar ditudan obrek oso markatuta dute alde afektiboa, mezuak baino afektu gehiago ditu…bada bakarren bat ezer esaten ez duena eta are gutxiago gaurkotasunaz. 1934ko urriko gertakizunak ospatzen zirela banekienez, komentarioren batzuk ere egin ditut. Neu jaio nintzen kaleari egiten diot erreferentzia: Maalako Errebalari, Trinketeari, Herriko Etxeari eta 1934 urteari. Beste botila batean Marcelino Orejaren adierazpen batzuez ari naiz ( “En mi fábrica no entrará ningún hijo de republicano que esté aficilado a la UGT. Tendrán que comer hierba si no quieren morir de hambre”).

Portaloiari ere egiten diot erreferentzia eta Tatxo Amilibiari hainbeste aldiz entzun nizkion mondrautarren izenak jartzen ditut. Udaletxearen botilan berriz, ikurrina jarri dut eta “Presoak Euskal Herrira”, eskaera hau atzealdean idatzia dudan “Justizia barik pakerik ez dago” esaerarekin dago lotuta. Neuk ikurrina Buenos Airesen ezagutu nuen eta izugarrizko amorrua eman zidan Arrasaten ezagutu ez izanak.

Asko ezagutu izan ditudan istorioak dira, afektu eta istorioen arteko nahasketa bat izan da, baina esango nuke alde afektiboa dela nagusi. 1934ko gertakizunak funtsezkoak izan dira nire bizitzan; pentsa ezazu neure jaiotze agiria nire aitona Julian Ceciagak sinatu behar izan zuela aita Guadalupeko gotorlekuan zegoelako preso.

Arrasateko botiletan, batean ezik beste guztietan dragoi bat jarri dut tapoi gisa. Erdi Arokoa den Portaloikoan, aker bat jarri dut, Argentinan ere sorginen gaua adierazteko erabiltzen den Akelarrea.

Nire lehendabiziko erakusketa Buenos Aireseko Euskal Kultur Etxean jarri nuen. Gainontzekoak norberari buruzko erreferentziak egiten hasten direnean konturatzen zara egiten ari zarenak izan dezaken magnitudeaz. Publikoari begirako lehen erakusketa hartan guztiz ezberdina zen mundu bat zabaldu balitzait bezala sentitu nintzen; hasteko, Buenos Aireseko egunkari garrantzitsu guztiak etorri ziren notak hartzera eta ez dizut esango nota haien hedadurak beldurtu egin ninduenik, baina inpresionatu egin ninduten… telebista eta irratia ere etorri ziren eta ez nuen espero. Horrek asko aldatu zuen nire izaera eta guzti horrekin erlazionatzeko nuen modua

Jende gazteak zure obretan zer ikustea gustatuko litzaizuke?

Gazteei ezer gutxi esango nieke, soilik gure pentsamenduak erakustea nahiko nuke eta beraiek atera ditzatela konklusioak. Beraiek dira hemendik aurrera gertatuko denaren erantzuleak, geu beraiekin batera joango gara baina eurak izango dira aurrean.

Orain Buenos Airesera heltzen naizenerako badut beste obra bat pentsatua: Entseiu-tutua bezalako flasko handi batean abioi bat egingo dut barruan mezu hauek izango dituena: Gernika, Hiroshima eta Nagasaki, Afganistan, Irak eta Beirut. Eta Bushi aipamena eginez honakoa idatziko dut: “El mundo no está mejor, no está más tranquilo, está como el culo”.

Iturria: Mondraberri