Azaroaren 10ean, 2018az geroztik, MEMORIA eguna ospatzen da Arrasaten. Aurten, Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaiak (non-eta ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek) Memoria Historikoaren esparruan egin duen lana aitortu gura izan dio INTXORTA 1937 Kultur Elkarteari.
Zer da pertsona bat edo herri bat bere historiarik gabe? Zeinek du legitimitatea hura kontatzeko? Zergatik lortzen dute kontakizun batzuek beste kontakizun batzuk alboratzea eta kontatutakoak hegemoniko bihurtzea?
Historiografiak modu selektiboan jarduten du, esperientzia batzuk argitaratzen ditu eta batzuk ahaztu, ikertzaileak une bakoitzean alde batera jartzen dituen ikuspuntu pertsonal, politiko edo sozialaren arabera. Eta, horrela, urte askoan, Historia bakarra nagusitu da, Bigarren Errepublikaren aurkako matxinatu kolpisten hegemoniatik ezarritakoa. Geroago, trantsizioa iritsi zen, “dena ahaztu eta kitto” leloarekin, krimenen eta giza eskubideen urraketen aurrean. Gaur egun, oraindik ere, gaitza egiten zaigu dokumentatzea gertaera pertsonal edo kolektibo asko eta asko, eta, gezurra badirudi ere, oraindik ere badira jarrera batzuk uko egiten diotenak orduko tragediari, milaka pertsona hil izana onartzen ez dutenak.
1986an, Oktubre Taldea sortu zenean Arrasaten, ez genuen berba egiten memoriari buruz jendearen aurrean. Gai hori ez zegoen erakundeen lehentasunen artean. Memoriak, berez, familia eremukoak ziren, eremu pribatukoak, eta ez familia guztietan. Berba eginez gero, egiten zen ahopean, beldurragatik, segurtasunagatik, babesteagatik…
Oktubre Taldeak isiltasun horiek eten zituen, eta lanean hasi zen gure herrietako memoria indibiduala eta soziala berreskuratze aldera, lehen erakusketa egin zen hainbat kontakizun eta argazkirekin Arrasaten, ikerketa lan bat egiten hasi ginen artxibategietan, testigantzak jaso genituen gerra bizi izan zuten pertsona haiekin, lehen pertsonan…, eta testigantza haiei esker lehen liburua argitaratu genuen, “Arrasate 1936. Belaunaldi etena”. Plaka bat jarri zen 89 pertsona fusilatuen izenekin.
Urte askoan ez genuen jaso euskal erakundeen laguntza ekonomiko bat bera ere, eta, gainera, noizbait, entzun behar izan genuen “ ez dela komeni gertaera historiko haiek gogora ekartzea, zeren mendekuaren izpiritua biziberritu zitekeen”.
Intxorta 1937 elkarteak lanean jarraitu zuen; garai hartan egindako ekimen asko eta asko aitzindariak izan ziren Euskal Herrian.
1996an, Bergaran, Ondo Bihurtu sortu zen, beste elkarte memorialista bat. Lehen ekintzetako bat izan zen martxa bat egitea Intxortako lubakietatik, herriko gudariekin eta milizianoekin, UHP eta Loiola batailoikoak. Hurrengo urtean, erakusketa bat egin genuen udaletxean.
2001ean, La insurrección de Octubre del 34 y la II República en Eibar liburua argitaratu zen, Jesús Gutiérrez Arosa adiskide eibartarrak idatzita.
2002an, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, frankistek eraildako miliziano biren hondakinak berreskuratu ziren Arrasaten, Bedoña auzoko lepo batean.
Debagoieneko Fusilatuen Senideen Asanblada sortu zen, eta horrek ekarri zuen Debagoieneko udal guztiak ados jartzea eskualdean hil eta desagertu ziren pertsonak gogoratzeko, monolito baten bidez, non haien izen guztiak jasotzen diren. Inaugurazioa egin zen 2003ko ekainaren 8an; Debagoieneko jende asko etorri zen. Kasualitateak eroan gintuen 1917tik 1979ra Guardia Zibilaren kuartela zegoen lekura. Guardia Zibil erakunde hark pertsona zibilak atxilotu zituen 1936ko urrian eta azaroan: emakumeak, gizonak, apaizak… egun batzuetara erailak Hernanin eta Oiartzunen.
2004an, Aranzadi elkartearen laguntzarekin, beste hobi bi berreskuratu genituen Intxortan.
Urte askoan kide ugari ibili da lanean gure herrietan Memoria berreskuratzearen alde: Aretxabaleta, Elgeta, Oñati, Bergara, Arrasate eta Eibarren. 2005ean, eta sinergia horien guztien lanari eta elkartzeari esker, gaur egun Intxorta 1937 Kultur Elkartea deritzon elkartea sortu zen.
Eta horrela, poetak zioen bezala, kolpez kolpe, bertsoz bertso (gure kasuan, gehitzen dugu: artxiboz artxibo) berreskuratzen joan gara bizi historiak, sufrimendu handiz pertsona askok bizi izandako historiak. Gure helburua da memoria horiei beste esangura bat ematea, beste batzuekin partekatzeko. Mila kilometro baino gehiago egin dugu horiengana iristeko, eta haiei entzuteko, baina azkenean jarri dizkiegu izenak, abizenak, aurpegiak, ametsak eta erresistentzia adibide ugari.
Ezin dugu, ez dugu gure iragana bihurtu gura estatistika korapilatsu; seme-alabak, bilobak eta neba-arrebak gara, eta geroago eta gehiago beren idealen alde borrokatu zirenen birbilobak, lubaki batetik edo sukaldeko bakardadetik borrokatu zirenenak.
2006 urtea iritsi eta gure elkarteak sekulako bultzada izan zuen, omenaldi handi bat egin zen Arrasaten, jende asko etorri zen, gertatuaren zuzeneko lekukoak izan zirenak.
2007an “Intxortako Atea” eskultura jarri zen, Elgetako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
2010ean Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroa ireki zen Elgetako Espaloian; inauguratu zen ere lubaki errekuperatuen ibilbidea Intxortako mendietan.
Urte hartan gure argitaletxea sortu zen; une honetan ditu 28 liburu eta 7 dokumental, horiek guztiak zerikusia dutenak Memoria Historikoarekin.
Omenaldi eta erakusketa ugari egin dugu, eta horietan guztietan garrantzi handia eman diegu emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzeari eta zabaltzeari. Kontua da justizia egitea Historiarekin, letra larriz idazten dena eta, behin eta berriro, emakumeak ikusarazten ez dituena.
Errepresioak eta diktadurek berekin dakartzate genero berezitasunak, eta horiek inpaktu desberdinak dituzte, zeren hierarkia posizioek, genero sisteman, berekin baitakartzate bizi esperientzia eta gizarte harreman argi eta garbi desberdinak.
Amatasuna, ugalketa, eguneroko biziraupena, familia ekonomia, zaintzen etika edo etxeko lana, muturreko pobrezia egoeretan, politikaren logikatik oso urrun egon dira (eta hala jarraitzen dute egoten). Edozelan ere, alderdi horiek guztiak elementu esanguratsuak dira, eta elementu horiek ulertzea ezinbestekoa da gizartearen nondik-norakoa ulertzeko.
Bikotekideak kartzelatu, desagertu edo hil zituztelako bakarrik geratu ziren emakumeen egoerak sekulako aldaketak eragin zituen eguneroko praktiketan. Praktika horiek, emakumeak “eragile aktibo” gisa adierazten dituztenak, oso gutxitan sartzen dira historian “azterketa xede” gisa.
Oraindik bide luzea dugu Memoria Historikoa berreskuratzeko; erronka handienetako bat da justiziarena. Horregatik, 2012az geroztik Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformako kide gara, Argentinako kereilan.
Desagertze behartuen gaian, bada zer aztertu oraindik: Kartzelatik “aske” irtetean pertsona “desagertuak” asko izan ziren: Zeinek/zeintzuk salatu zituen(zituzten? Zeinek/zeintzuk eman zuen/zuten agindua haiek hiltzeko? Non daude haien hondakinak?
Gaur egun oraindik ere, artxibo batzuetan, Datuak Babesteko Legea zentzurik gabe erabiltzen da. Orain dela 80 urte baino gehiagoko gertaerez ari gara, ez dugu ulertzen. Oztopo asko izaten ditugu, gaitza eta motela da datuak aurkitzea.
Artxibo batzuek, hala nola Guardia Zibilarenak eta Poliziarenak, itxita jarraitzen dute biktima guztien egia bilatzen dugunontzat.
Amaituko dugu azaroaren 10eko ekitaldian esandako berba batzuekin:
Eskerrik asko elkarte memorialista txiki baten lana aitortzeagatik, 1985az geroztik ikertzen eta aurrera egiten jardun duena.
Atzera begiratuta, harro gaude egin dugun guztiarekin egia eta justizia lortzearen alde. Ohorea izan da hau guztia partekatzea zuekin guztiokin. Eskerrik asko kolpe militarrari aurre egin zioten guztiei Dragones, Saseta, Amaiur, UHP, Amuategui, Loiola batailoietakoak… eta beste hainbati ere bai; tragedia haren erdian borrokatu eta bizitzari eutsi zioten milaka emakumeri; atzerrira joan behar izan zuten haiei, gure hizkuntzari, debekatua eta jazarria, eutsi zioten euskaldun guztiei…
Ehunka pertsonari esker, haien testigantzaren bidez, funtsezkoak izan direnak isiltasuna eteteko, lortu dugu zailtasun mota guztiak gainditzea. Sekulako zortea izan dugu haien konpainiaz, jakintzaz eta esperientziaz gozatu dugulako, salatuz BETI giza eskubideen urraketa.
Intxorta 1937 kultur elkartearen ateak zabalik egongo dira beti biktima guztien Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez errepikatzearen Bermearen alde borrokatzeko.
Julia Monge Sarabia, Juan Ramon Garai Bengoa
Intxorta 1937 Kultur Elkartea