2021ean argitaratu zuen Intxorta 1937 kultur-elkarteak 1939an, gerra garaian, kontzentrazio esparru frantsesetatik Txilera alde egin zutenen historia jasotzen duen liburuaren lehen edizioa, eta abuztuaren 28an bigarren edizioa aurkeztuko dute Santiagoko Euskal Etxean (Txile). Horrekin batera, Cecilia Zabaletaren erakusketa ere izango da ikusgai. Bertan izango dira elkarteko bi kide.
Irailaren 3an 85 urte beteko dira Winnipeg ontzian 2.500 pertsona frankismoarengandik ihesi Valparaisora (Txile) heldu zirenetik. Horien artean zeuden 250 euskaldun. Gertaera hura ardatz hartuta 2021ean kaleratu zuen Intxorta 1937 kultur-elkarteak Josu Chueca historialariak idatzitako 2.000 del Winnipeg. Diario a bordo liburua. Bigarren edizioa idatzi dute, “aberastuagoa” dela azpimarratu du Intxorta 1937 kultur-elkarteko kide Juan Ramon Garaik eta abuztuaren 28an aurkeztuko dute Txilen. Bera bertan izango da.
Bigarren edizioari dagokionez azaldu du, lehen edizioaren ostean jarri zirela elkartearekin harremanetan Winnipeg ontzian joandako zenbait euskaldunen ondorengoak, Txilen bizi zirenak. Horietako bat izan zen Arrasateko Jaime Uriarte Cestonaren biloba, Sady Arenas Uriarte. “Berari proposatu genion Txilen Intxorta 1937 kultur-elkartearen lagunak sortzeko. Eta hala egin genuen berarekin, Cecilia Zabaletarekin, Jaime Ferrer-Mirrekin –azken horrek idatzi du bigarren edizioaren sarrera–… Haien laguntzarekin lortu dugu liburua aberastea”, dio Garaik.
Edizio osatuagoa
Bigarren edizioak 64 orri gehiago ditu, eta gainera, bidaiarien 500 argazki jaso dituzte. “Bordelen bisatuak ematen zizkieten ontzira igotzeko eta argazki gehienak handik ateratakoak dira. Zerrenda ere eguneratu dugu. Adibidez, lehen edizioan, 700 lagun nongoak ziren esaten genuen; orain, 2.000 daude. Liburua asko aberastu da”, kontatu du Garaik.
Irailaren 14an itzuliko dira Txiletik eta denbora tarte-horretan hainbat aurkezpen egingo dituzte han abuztuaren 28ko aurkezpenaren ostean: abuztuaren 30ean, Euskaldunen delegazioan; irailaren 2an Valparaisoko Udalean; irailaren 5ean, Santiagoko Giza Eskubideen Memoriaren museoan; irailaren 7an, Villa de Marreko Euskal Etxean, eta azkenik, irailaren 12an, Txileko Santiago Unibertsitateko Etxe Nagusian.
Liburu aurkezpenaz gain, erakusketa
Liburuaz gain, Los 2.000 del Winnipeg itsaosntziko egunkarietako artxiboko dokumentuetan oinarritutako 26 artelan olioz eta teknika mistoz eginiko erakusketa ere egingo dute. Erkusketaren egilea Cecilia Zabaleta artista bisuala da, euskal bidaiari baten iloba. Garaik azaldu du laugarren egunean hasi zirela itsasontzian argitaratzen, egunero sei kopia egiten zituztela, eta Zabaletak egunkarietako 26 gai hartu dituela, eta horiek oinarri hartuta egin duela pieza bakoitza.
Erakusketa abuztuaren 26tik irailaren 7ra Valparaisoko Udal Arte Galerian egongo da ikusgai, eta ondoren, irailaren 12tik urtarrilaren 20ra, Txileko Santiago Unibertsitateko Etxe Nagusian.
Garaik adierazi du uste zutela ez zirela inoiz Euskal Herritik aterako: “Badakigu arrakastatsuak izango direla liburu aurkezpenak eta erakusketa. Guretzat pozgarria da”.
Jarduera honek Gogora Institutuaren, Txileko euskal ordezkaritzaren eta Txileko Espainiako Enbaxadaren laguntza du.