Texto en euskera:
Eskerrik asko!
Intxorta 1937 Kultur Elkartearen izenean eskerrak eman nahi dizkiegu duela 81 urte Elgetan gertatutakoa gogoratzeko Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatu dugun jardunaldietan parte hartu dutenei. Bereziki, apirilaren 22an Intxortako atea-n bildu ziren senideei eta herritarrei, Elgeta-Kanpanzar frontean hil zituzten erresistenteak omentzeko.
Baita Elgetako gainbehera antzezlanean parte hartu zuten boluntarioei ere: aktore profesionalei; aktore amateurrei; neska-mutikoei; Andoni Larrañagaren taldekoei; PCE-EPKri; antolakuntza eta atrezzoko lantaldeei; Intxorta, Oskarbi eta Mendi Mendia elkarteei; materiala utzi zigutenei; autoa, kanoia, ospitaleko kamilla eta denda –Euskadiko fronteen berregileak– eta sirena ekarri zituztenei; Elgetako Udalari eta Turismo teknikariari; Banak antzerki taldeko zuzendari Rafa Herceri, ausartu baitzen denbora gutxirekin erronka aurrera eramaten. Mila-mila esker.
Betiko zelai berdea eta lubakiak alde batera utziz, Elgetak kolpe militarraren ostean jasan zuen basakeria antzeztu nahi izan dugu. Gure historiako pasarte mingarri bat izan da ardatza: tropa faxisten sarrera herrian. Herritarrek jasandako bortxaketa eta erailketak edo garaiko faxisten ereserkia entzuteak tripako minak eragin dizkigu guztioi, nazka eta gorrotoak bihotzaren barrenak mugiaraziz. Gaur egun lortutako askatasuna inportantea izan arren, gure herrian faxismoari aurre egin ziotenen harrotasuna adierazten jarraitzen dugu eta ez gara geldituko egia, justizia eta erreparazioa lortu arte.
———-
Nerea Villa
Intxorta 1937 Kultur Elkartea
Elgeta